Gdańsk

Gdańsk (polonieraz: Gdańsk; kaxubieraz: Gduńsk; alemanez: Danzig) Baltikoko itsasaldean kokatutako Poloniako hiria eta, 1999tik Pomeraniako voivoderriko hiriburua. Vistula (Wisła) eta Motława ibaien alboan dago. 456.967 biztanle ditu (2010) eta Sopot eta Gdyniarekin batera, 750.000 biztanle inguruko metropoli eremua osatzen du.

Monumentu ugari ditu, besteak beste, udaletxea, XIV-XV. mendeetakoa, armategi handia, XVII. mendekoa eta Andre Mariaren eliza, XIV-XV. mendeetakoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren eraberritu egin dira gehienak, hiria suntsiturik geratu baitzen. Kultura, jakintza, merkataritza eta industria hiri garrantzitsua da.

Historia

Goi Pomerania edo Pomereliako dukerriko hiri nagusia izan zen X. mendetik aurrera. Poloniako koroaren esku geratu zen 1295ean, eta 1309. urtean Ordena Teutonikoak hartu zuen bere mendean. 1350ean Hansako hiri bihurtu zen, eta 1454an, germaniarrak egotzi ondoren, Poloniako erregearen agintepeko estatu libre bilakatu zen (1466, Torungo Bakea). Handik aurrera, Baltikoko portu nagusietakoa izan zen. Erreformaren aldera jarri eta gero (1523), Poloniako errege katolikoaren aurka jazarri zen, baina Eztebe Báthory erregeak zapaldu zuen matxinada.

Poloniaren bigarren banaketaren ondoren (Grodnoko hitzarmena, 1793), Danzig Prusiako koroaren eskuetara igaro zen. Frantsesen mendean egon zen 1807-1814 bitartean eta, 1878an, Mendebaldeko Prusiako hiriburu izendatu zuten. Versaillesko hitzarmenaren ondoren (1919), Danzig hiri aske bihurtu zen, Poloniak aduanetako abantaila batzuk mantendu zituen arren. Danzigeko igarobidea deitu zuten lurralde hura (Danzig itsasoarekin lotzen zuena, alegia) Alemania eta Poloniaren arteko liskar ugariren sorburu bihurtu zen.

1933. urtean, Hitlerren aldeko naziak nagusitu ziren Danzigeko dietan eta arazoak areagotu ziren. 1939ko irailean, alemaniar armada Danzigen sartu eta Polonian barneratu zen: Bigarren Mundu Gerraren hasiera izan zen. Aire bonbardaketek (1941-1945) erabat suntsitu zuten ia eta sobietarren osteek hartu zuten 1945ean. Poloniako errepublikako hiria da 1946tik aurrera, Gdańsk izenaz.

1970. urtean, Gdańsken, Sopoten eta Gdynian langileak matxinatu ziren eta errepublikako lehendakari Gomulka kargutik kentzea lortu zuten. 1980an hasitako greben ondorioz, langileek aginte komunista eraistea lortu zuten. Lech Walesa nabarmendu zen borroka horietan langileen buruzagitzan.

Photographies by:
Zones
Statistics: Position
2511
Statistics: Rank
49008

Gehitu iruzkin berria

CAPTCHA
Security
756419328Click/tap this sequence: 8867
Esta pregunta es para comprobar si usted es un visitante humano y prevenir envíos de spam automatizado.

Google street view

Where can you sleep near Gdańsk ?

Booking.com
539.002 visits in total, 9.233 Points of interest, 405 Destinations, 10 visits today.