Quetzalcoatl

Quetzalcoatl (nahuatl hizkuntzan: Ketsalkoatl, euskarazko ahoskera: Ketzalkoaltl, «Lumadun Sugea») Mesoamerikako aintzinako kulturetako jainkoa da, nagusiki azteka gizartekoa. Nahuatl hizkuntzatik dator izena: cóatl, suge; eta quetzal, lumadun txoria, hau da, suge-txori lumaduna. Maiek Kukulkan deitzen zuten, Kitxeek berriz Gukumatz. Batez ere Kukulkanen tenpluan gurtzen zen.

Askotariko jainkoa da, Erdialdeko Amerikako ia kultura guztietan ageri dena. Teotihuacango kulturan artoaren eta emankortasunaren jainko gisa gurtzen zuten. Tulan, tolteken kulturaren antzinako hiriburuan, zibilizazioa ekarri zuen jainkotzat zeukaten. Orobat, Guatemala, El Salvador eta Nikaraguara jo zuten nahua herrien jainko nagusia zen. Mexikoko aztekek, berriz, munduaren sortzailetzat gurtzen zuten, eta jakinduriaren eta Artizarraren jainkotzat zeukaten. Horrela bada, Quetzalcoatl askotariko jainkoa izan zen, herri askok gurtu zutena; hori dela eta, nahasmen handia sortu da hari buruz, elezahar asko baitaude mito zaharren inguruan. Adibidez, tolteken errege eta apaiz askok haren izena hartu zuten; aztekek, berriz, modu askotara irudikatu zuten, suge lumadun eta gizon zuri bizardun gisa, besteak beste. Hartan oinarriturik, espainiar fraideek jainkoaren mitoa konkistatzaileen mesederako aldatu zuten, eta Hernán Cortések eta bere soldaduek Quetzalcoatl jainkoaren ondorengoak zirela zabaldu zuten indiarren artean.

Destinations