Imperio incaico ( Inka Inperioa )

Inka Inperioa (kitxuaz: Tawantinsuyu edo Tahuantinsuyo, «lau eskualdeak») kolonaurreko Amerikako inperiorik zabalena izan zen. XII. mende inguruan sortu zen eta XV. mendean izan zituen urterik oparoenak. Bere baitan hartzen zituen egungo Peru, Ekuadorko zatirik handiena, Kolonbiako hegoaldea, Brasilgo mendebaldeko zati bat, Boliviako mendebalde eta hegoaldea, Txileko iparraldea eta Argentinako ipar-mendebaldea. Hiriburu administratiboa, politikoa eta militarra Kuzco hirian zegoen, egungo Perun. Inperioko hizkuntza ofiziala kitxua zen, beste ehunka hizkuntza eta dialekto mintzatzen ziren arren.

Inka kultura Antzinako Peruko Garai Inperialean (900-1532) kokatzen da, Huari kulturaren gainbeherarekin hasi zen garai klasikoaren ondoan. Inka hegoaldeko tribu gerlaria zen, 1100-1300 bitartean gutxinaka iparralderantz hedatu zena, Cuscoko haran emankorrera iritsi arte. Nahiz eta XII. mendearen inguruan sortu, XV. mendearen erdialdetik aurrera jo zuen gailurra, eta Hego Amerikako inperio ahaltsuena eta handiena izatera iritsi zen espainiarrak heldu aurreko urteetan.

Hedapenik handiena 1438 eta 1533 bitartean izan zuen. Metodo desberdinak erabili zituzten inkek Hego Amerikako lurralde zabalak berenganatzeko, bai konkista militarra, bai asimilazio baketsua. XV. mende amaieran, Pachacútec (1438-1471) buruzagiaren Túpaq Inka Yupanki semeak (?-1493) hartu zuen boterea, eta egungo Ekuadorko lurretaraino hedatu zuen hark inperioa. Haren seme Huayna Cápac-ek (?-1527) egungo Kolonbiaraino zabaldu zuen. Espainiarrak heldu zirenerako, Hego Ameriketako ia mendebaldeko kostalde osoa hartzen zuen inperioak, eta 4.800 kilometroko luzera eta 460 kilometroko zabalera zeuzkan. Huayna Cápac hil ondoan, Huascar eta Atahualpa semeen arteko ondorengotza gerra piztu zen. Bigarrenaren gudarosteak irabazi zuen, espainiarrak eskualde hartara iritsi ziren unean.

Tokiko gurtza ugari zeuzkaten, gehienak huaca sakratuen inguruan, baina inken buruzagitzak Intirena bultzatzen zuen, hau da, Eguzkiarena, eta beste gurtzen gaineko menpekotasuna aldarrikatzen zuen, Pachamamaren gainekoa esaterako. Inken enperadorea, Sapa Inca zeritzona, Eguzkiaren semetzat zuten.

Destinations